Hasparren, Hazparne, Pays Basque

Laborantza nortasuna

Pasaia moldatua

Laborantzak Hazparneko bazterrak moldatzen ditu. Aski da pentoketako ardi, zaldi eta behiei so egitea horretaz ohartzeko. Alabaina, Hazparnen 200 etxalde badira, eta laborari aprendizen formakuntza zentro ezagutua ere bada.

Larunbat goizetako merkatuan saltzaile gehienak tokiko ekoizleak dira.

Plazan Zarea ekoizle saltegia ere bada: hamabost bat laborarik dute plantan ezarri, denek Idokiren betebeharrak segitzen dituzte edo laborantza biologikoan dira.

Industria nortasuna

Zapatagintzaren urrezko aroa

XVIII. mendetik goiti, Hazparneko jendetza emendatu zen. Laborantza oraino baliabide inportantea zen, baina herriak ekonomia joria zuen 1980. hamarkada arte zapatagintzari esker; alabaina 2 500 langile bazen Hazparnen zapata lantegietan ari.

1950. hamarkadan hamabost bat lantegi bazen eta zapatak Bordelen eta Tolosan saltzen ziren, baita ere Argentinan, Uruguain eta Txilen, euskal diasporaren bidez, hala nola, Hego Amerikan plantatuak ziren emigratuen haurren bidez.

Hazparnen gaindi ibiltzean, zoaz pilota plaza ondoko Ary eraikinaren ikustera: garai jori horren azken herexa da, geroztik zapatak urruneko herrialdeetan egiten dira.

Argibide gehiagoren ukaiteko

Kultura nortasuna

Francis Jammes olerkaria

Francis Jammes (1868-1938) Hazparnen bizi izan zen 1920tik goiti; familiarekin plantatu zen Eihartzea etxean.

Paul Claudelekin batera, XX. mendeko literaturako giristino berpiztearen idazle nagusia izan zen, eta “Hazparneko poeta” gisa ezagutua da. Frantses Akademiaren Literatura Sari Nagusia errezibitu zuen; euskal kultura bultzatu zuen Gerlen Arteko Garaian. Olerkiak, eleberriak eta antzerkiak idatzi ditu, eta bere obrak oraino biziki ikertuak dira munduan gaindi (Txinan, Alemanian, Ameriketako Estatu Batuetan, Espainian).

Idatzi duen olerki ezagunenetarik bat, Les Mystères douloureux, Georges Brassens frantses kantariak kantatu zuen La Prière izenburupean. Orain, Eihartzean, Hazparneko elkarte kulturalak plantatuak dira.

Pierre Broussain

Piarres Martin Broussain Salagoiti Hazparnen sortu zen 1859ko agorrilaren 5ean, eta 1920ko apirilaren 27an hil Orthezen. Medikua zen, politikaria eta Euskaltzaindiaren sortzaileetariko bat.

1899an Parisetik Euskal Herrira itzuli zen, eta 300 bat familiaren mediku egin zen; bere eriei eta ofizioari biziki atxikia zen. Azkuerekin zenbait egunez Bizkaira joan zen, eta gutun bat idatzi zion eskertzeko: “Arrunt egia da autoan erraten zenidana Lekeitio eta Zarautz arteko errepide miresgarriaz, hala nola Bidasoaren bi aldeetako euskaldunek ardurago behar luketela bildu, gehiago elkar ezagutzeko eta elkar maitatzeko, euskal aberriaren probetxurako.”

XX. mende hastapenean, euskal intelektualak Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren sorkuntzan ari ziren buru beharri, Broussain medikua barne. Euskaltzaleen Biltzarraren kide ere zen. Hazparneko auzapez izan zen 1905etik 1919ra.

Partager

Egunkari