Hasparren, Hazparne, Pays Basque

Bisita birtuala (lotura)

Egilea:

Hasparren

Lehen kaperaren eraikitzea: 1841
Berreraikitzea: 1928 / 1931
Berinateak: 1935
Murru-margoak: 1935 / 1940
Kontsakrazioa: 1936/12/08
Monumentu historikoetan sailkatua: 2011

Hazparneko Bihotz Sakratuaren kapera, edo Misionesten kapera

Hazparneko Bihotz Sakratuaren kapera, edo Misionesten kapera, 1841ean eraiki zen, Garat apezak sortu Misionesten etxean. Ttipia izanik, ez zitezkeen elizatiar guziak sar, beraz, 1925ean, berreraikitze proiektu bati pentsatu zuten.

Pierre Lopez de la Vega kalonjea izan zen, Misionesten etxeko seigarren nagusia, Bihotz Sakratuaren kapera berriaren bultzatzailea. Kaperaren kalostran, bere hilobian idatzia da obrak nola finantzatu ziren.

Hiriart, Lafaye, Tribout eta Beau arkitektoek eraikuntza 1928an hasi zuten.1931n bururatu zen, Landerretche kalonjearen benedizionearekin.

Neo-errenazimentuko estiloko eraikin berri horrek apaindura bereziki aberatsa du.

1935ean, Mauméjean anaien lantegian berinateak eta mosaikoak egin ziren. Art Déco estiloko apaindura hori arkitekturaren itxura hotzarekin kontrastean da.

1936ko abenduaren 8an, Baionako Houbaut jaun apezpikuak kapera kontsakratu zuen.

Bihotz Sakratuaren ordena desagertu zen 1975ean, baina Hazparneko kapera atxiki zen. Monumentu historikoetan sailkatu zen 2011n, egun Herriarena da, eta gaitzeko obrak egin dira kaperaren berritzeko, 2019tik 2023ra.

Berriz ideki denetik, bisita gidatu franko egin da, escape game bat sortu, kontzertuak izan dira, aste kultural bat (Kaperaldia) eta bisita birtual bat ere sortu da; beraz, zinezko eginkizun kulturala du, bai tokikoentzat, bai pasaiako bisitarientzat.

Bihotz Sakratuaren kaperako murru-margoak

Noiz: 1932/1933

Nork: A. Sauvage margolariak

Eraiki eta laster, 1932 eta 1933 artean, Courbevoie hiriko apaintzaile batek, A. Sauvagek, Léon Bonnaten ikasleak, fresko serie bat egin zuen kaperako murruen zati handi bat estaliz.

Berrogeita hamar bat saindu margotu zituen nabeko murruetan, elizatiarrak korura eramateko, Kristoren irudiraino. Apostoluak, apezpikuak, martirioak, apezak eta Elizako doktoreak prozesioan ageri dira.

Pertsonaia bakoitzak —bi metro gora arte izan daitezke— sinbolizatzen duen ezaugarria badu. Apezpikuek, adibidez, mitra badute eta martirioek palma hostoa. Iturri batzuen arabera, pertsonaia batek orduko apezpikuaren aurpegia du, Gieure jaun apezpikuarena, eta beste batek herriko auzapezarena, Jean Lissar jaunarena.

Jende lerro horren estiloa Italiako manierismoaren, Art Déco eta bizantziar estiloaren artean da.

Margolan hori André Trébuchetek 1946an Uztaritzeko elizan egin zuenaren idurikoa da, hark ere saindu prozesio bat irudikatu baitzuen.

 2021ean, kaperak Pèlerin Patrimoine saria irabazi zuen mosaikoari esker. Sariaren edizio horretako epaimahai-burua Parisko Notre-Dame katedraleko arkitekto nagusia izan zen. Film hau Parisen iragan sari banaketarako egin zen.

 

2023ko Ondarearen Egunaren karietara, Bihotz Sakratuaren kaperak Le Jour su Seigneur emankizuneko taldea errezibitu zuen buruilaren 17an, meza zuzenean emateko France 2 katean.

Egunkari

Datozen gertakari bikainak