Bihotz Sakratuaren kapearen aurkezpena

Jatorrizko kapearen eraikitzea : 1841
Berreraikitzea : 1928 / 1931
Berinateak : 1935
Murru margoak : 1935 / 1940
Kontsakrazioa : 08 / 12 / 1936
Monumentu historiko gisa ekarria : 2011

Hazparneko Bihotz Sakratuaren kapera edo Misionesten kapera

Hazparneko Bihotz Sakratuaren kapera edo Misionesten kapera 1841ean eraiki zen Garat apezak sortu Misionesten etxean. Ttipia baitzen, ez ziren elizatiar guziak hartzen ahal, beraz, 1925ean, kapera berreraikitzea erabaki zen.

Pierre Lopez de La Vega kalonjeak, Misionesten etxearen seigarren nagusiak, zuen Bihotz Sakratuaren kapera berriaren proiektua bultzatu. Kaperaren kalostran ehortzia da eta haren hilobian idatzia da nork dituen obrak finantzatu.

Hiriart, Lafaye, Tribout eta Beau arkitektoak 1928an hasi ziren kaperaren eraikitzen. Eraikuntza 1931n bururatu zen, Landerretxe kalonjearen benedizionearekin.
Neoerrenazimentu estiloko eraikin berri horrek apaindura biziki aberatsa du.

1935ean, Mauméjean anaien lantegiak berinateak egin zituen eta ere mosaikoak. Art Déco estiloko apaindura arkitektura hotzarekin kontrastean da.

1936ko abenduaren 8an, Baionako Houbaut apezpikuak kapera kontsakratu zuen.

Bihotz Sakratuaren ordena 1975ean desagertu zen baina Hazparneko kapera atxiki zen. 2011n monumentu historiko gisa ekarria izan zen; orain Hazparneko herria da jabe eta 2019az geroztik zaharberritze obrak abiatuak dira, 4 urterako.

Bihotz Sakratuaren murru

Obratzea : 1932 / 1933
Sortzailea :
A. Sauvage margolaria

Kapera eraiki eta laster, Courbevoie hiriko A. Sauvage apaintzaileak, Léon Bonnaten ikasleak, kaperaren murruen zati handi batean freskoak margotu zituen.

Badira berrogeita hamar bat saindu eliza barneko murruetan margoturik, fededunak korura eramaten dituzte, non Kristo irudikatua baita. Apostoluek, apezpikuek, martiriek, apezek, Elizako doktoreek prozesioan parte hartzen dute.

Bi metro luze izan daitekeen pertsonaia bakoitza sinbolizatzen duen ezaugarriarekin irudikatua da. Apezpikuek mitra badute buru gainean eta martiriek palma eskuan. Zenbait iturriren arabera, pertsonaia batzuek orduko Gieure apezpikuaren aurpegia dute, eta auzapezarena, Jean Lissar jaunarena.

Jende lerroaren estiloa Italiako manierismoaren, Art Déco estiloaren eta Bizantziar artearen elkargunean kokatua da.

Margolan hori André Trébuchetek Uztaritzeko elizan 1946an egin obraz hurbil da, hark ere saindu prozesio bat irudikatu baitzuen.

Galbarioa

Misionestek zuten Hazparneko galbarioa ere altxatu 1890ean; emeki-emeki 5 ha erosi zituzten Arroltzemendin. 1890ean estreinatu zuten galbarioa, 46 256 m²-ko eremuan. Ibilaldi polita egin daiteke, eta gaineko bista izigarri zabala da.

Kokatu Bihotz Sakratuaren kapera


_______________________________
Partager