Klima astearen 6. edizioa iraganen da 2026ko urriaren 2tik 11ra, bioaniztasuna gaitzat harturik. Ibilaldi, tailer, hitzaldi, erakustaldi eta beste hainbat hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herri guzian, ttipi eta handiek ama lurraren aberastasuna ezagutu eta gure bizi baldintzak bermatzeko duen garrantzia uler dezaten.
Ingurumenaz ari garenean, berotegi efektuko gasen isuriak murriztea datorkigu anitzetan burura lehen-lehenik. Baina beste erronka nagusi batek mehatxatzen du Lur gaineko bizitzaren oreka: bioaniztasunaren gainbeherak.
Fenomeno hau utzi nahi dute agerian Euskal Hirigune Elkargoak, bere parte diren herriek eta partaideek Klima astearen 6. edizio honetan, mezu bateratzaile baten inguruan: “Bioaniztasuna: betiko bidelaguna, gure lurraldearen geroarentzat funtsezkoa!”
Bioaniztasuna izaki bizidun guziez osatua da -abere, landare eta izaki mikroskopikoak-, hauek bizi diren ingurune naturalez eta elkarren artean dituzten harremanez. Ekosistemen ekarpena ikus daiteke hala nola landaketen polinizazioan, lurren emankortasunean, uraren eta airearen kalitatean, bai eta gure elikadura eta osasunean.
Bioaniztasuna ez da beraz inguratzen gaituen naturara edo ikuskatzen ditugun paisaietara mugatzen: gure bizitzarentzat baitezpadakoa da.
Nehoiz ez bezalako gainbehera, %70 intsektu gutiago 20 urtez
Alta, bizitza gainbehera betean da, nehoiz ez bezalako abailan. Milioi bat animali eta landare espezia galtzeko arriskuan dira, IPBES gobernu arteko organo independentearen arabera, bioaniztasunaren GIEC ere deitua. Aditu hauen arabera, mundu mailan, lur inguruneen %75i giza jarduerak azkarki erasan die. Hainbat ikerketak, azken hamarkadetan Europan izan den intsektuen gainbeheraren parean zenbakiak eman dituzte. Gogoan har dezagun adibidez 2017an ikerle alemaniarrek burutu ikerketa, “PLOS One”-en argitaratua. Babesturiko hirurogeita hiru eremu lagin gisa harturik, ikerketak 20 urtez intsektuen %76ko gainbehera ondorioztatu zuen. 2004 eta 2022 artean, Erresuma-Batuan burutu ikerketa parte-hartzaile batek, aldi horretan autoen gainean intsektuen talkak %63,7-z jautsi direla baietsi du. Hala, Europan 20 urtez intsektu hegalarien biomasa %70ez murriztu dela erratera hurbiltzen dira hainbat ikerketa.
Hainbat faktorek azaltzen du egoera hori: beren bizi-ingurune naturalen suntsitze eta zatitzeak, besteak beste oihan-galtze eta zoruen artifizializazioari lotua, kutsadurak, baliabideen gain-ustiapenak, espeziea exotiko inbaditzaileek eta klima aldaketak.
100 hitzordu inguru Ipar Euskal Herrian
Kontestu honetan, Klima Astearen helburua, bakoitzari inguratzen gaituzten espezie eta paisaien aitzinean liluratzeko aukera ematea da, natur ekosistemek betetzen dituzten oinarrizko zerbitzuak hobeki ulertzea zein bizitza babestu eta biziberritzeko konponbide konkretuak ezagutzea.
Ehun bat hitzordu proposatuko dira Ipar Euskal Herri guzian: ibilaldi botanikoak, eremu eredugarrien bisitak, tailer partehartzaileak, natur languneak, proiekzioak, konferentziak, erakusketak eta ikusgarriak. Programazio hau publiko guziei begirakoa da, ttipi eta handientzat, eta denak gonbidatzen ditu ikuskatu, trukatu eta ekitera, nork bere heinean, lurralde erresiliente baten alde.
Atzeman ezazu 2026 Klima Asteko programazio guzia hemen: https://www.communaute-paysbasque.fr/eu/berriak/gertakariak/202ko-klima-astea-programa eta partekatu zuen gogokoenak sare sozialetan #KlimaAstea2026 traola erabiliz.

