GAZTAINADI BATEN LANDATZEA AGROIHANGINTZA SISTEMAN
Hazparneko herria 7 000 hektarea zabal da, eta Ipar Euskal Herriko herri zabalenetarik bat da. Gainera, herria bera eremu handien jabe da. Hala nola, baditu:
- oihanak, Oihanaren Erakunde Nazionalak (ONF) kudeatuak,
- landu daitezkeen lurrak, alokatze-kontratu baten bidez laborariei utziak; lur gehienak 1970. hamarkadan labakitu ziren “lur berriak” sortzeko,
- larre zabalak, non iratzea eta otea baitira nagusi, hazleek eta haien kabalek garbitzen dituztenak.
Alokatze-kontratu bat gelditu baita, herriak berreskuratu du La Côte-Errhinesorhoko lur bat. Bazuen zenbait urte lur hori ez zela gehiago zaindua, eta leku ezin hobea zen “laborantzarako galdua zen” lur bati balioa emateko.
Hazparne laborantza-nortasun handiko herria da, eta sail anitz baditu: ardi esnedunak, haragitako ardiak, behi esnedunak, haragitako behiak, hegazti hazkuntza, baratzezaintza, arbolazaintza… Laborantza bizia izanik ere, gero eta etxalde gutiago bada eta laborarien irabaziak ahulak dira.
Aldi berean, lur-funtsen galdea gero eta handiagoa da, bai bizitegitarako, bai ekonomiarako. Testuinguru horretan, laborantza eremuei balioa hobeki ematea interesgarria da. Agroihangintzaren bidez lur baten balorizazio bikoitza egin daiteke. Alabaina, holako sistema batean, badira bi ekoizpen maila aldi berean: ekoizpen bertikala arbolen bidez eta ekoizpen horizontala lur landuaren edo pentzearen bidez.
Euskal Herriko laborantzan hazkuntza da nagusi. Eta hazkuntza sistemetan arbolak ezartzeak abantaila bat baino gehiago lituzke, bereziki etxaldeen erresilientzia eta iraunkortasun mailan:
- animalien ongizatea hobetzeko, aterpe naturalak sortuz,
- elikadura gehigarria ukaiteko animalientzat,
- higaduraren mugatzeko,
- egur edota fruituen ekoizteko, hazleendako irabazi gehigarria ukaiteko,
- fauna eta floraren aberasteko lur horietan: bioaniztasunaren emendioa.
Maila zabalagoan, arbolak ezarriz berotze klimatikoaren kontrako borrokan parte hartzen ere da. Fotosintesiaren mekanismoaren bidez, arbolek nitrogeno atmosferikoa hartzen dute eta erroen bidez biltzen, eta horrek tenperaturak igaitea mugatzen du.
Lurraren ezaugarrien arabera, Herriko Etxeak erabaki du gaztainadi zabal baten landatzea. Tradizionalki gaztainadiak fruitu baratze gisa ezartzen ziren. Agroihangintza sisteman, arbola lerroak artekatuak dira, beraz, lurra landu ere daiteke. Gure kasuan gaztainondo lerro batetik bestera 12 metroko artea bada; hastapenean iratzea ezarriko da, eta berantago pentze gisa utziko, ardiak ezartzeko. Lehenbiziko urteetan gaztainondoak ez du mantenu handirik behar eta ontsa egokituko zaie herriko lur azidoei eta tokiko klimari. Bestalde, tokiko gaztainondo saila garatu da azken urteetan, beraz hurbileko lanbideak sortzea ere pentsa daiteke. Lur horretan gaztaina handiko gaztainadia landatzearen helburua erreferentzia tekniko gisa balio izatea ere da, saila garatu ahal izateko. Bereziki, gaztainondo barietateen neurriari edo hautuari buruz. Kasu honetan, gaztainondo guziak hautatuko dira txankroari ongi ihardukitzeko gisan, baina ere gaztainen gustuaren eta transformaziorako
gaitasunen arabera. Gaztainondo guti edo aski goiztiarrak ezarriz eta gaztainen izaria eta arbolen kokapena hautatuz, uzta denboran luzatuko da merkatuaren beharrei egokitzeko.