Hasparren, Hazparne, Pays Basque

Hazparne

Hazparnek 77 km²-ko hedadura du eta Larrañeren ondotik Ipar Euskal Herriko herririk zabalena da.
Lapurdiko eremuaren % 10 estaltzen du, eta Hazparneko lurren herena herriko lurrak dira.
7 002 biztanle bada.

Izenaren jatorria

Hazparne izena aspaldiko toponimo batetik heldu da: Ahaitz-barren(a). Ahaitz erroak goratasun bat, muinoa adierazten du, eta barren atzizkiak barnea. Hots, muinoen barnean den herria da Hazparne.

Alabaina, Hazparne Urtsua mendiko oinetan kokatua da, eta lurralde zabal, berde eta muinotsua du.

Hazparne historian zehar

Antzinaroan

Antzinaroan, Hazparne oppiduma zitekeen, tarbeliar populuko leinu baten babesleku publikoa. Ondotik, Civitas de Aquis (Akize) lurraldearen zati baten hiriburu izan zen.

Elizako aldare nagusiaren oinarrian den III. mendeko idazkunak erakusten du erromatarrak hemen finkatuak zirela; Hazparne Erromatar Inperioko Novenpopulania probintziaren barne zen.

Erdi Aroan

Erdi Aroan, Hazparne Compostelako bidean zen. Bi gazteluk zaintzen zuten herria, XII. eta XIV. mendean eraikiak, Zalduzahar eta Zalduberri. Denboran herritarrak eskulangintzaz bizi ziren oroz lehen, larrugintzari, txokolategintzari eta ehungintzari esker.

1784an

1784an zerga bat finkatu zen eta Hazparneko eta inguruko herrietako emazteak asaldatu ziren. Jazarraldiaren ondorioz, Néville erregearen ordezkariak ezkila dorrea lurrera botarazi zuen, eta 1816an baizik ez zen berriz eraiki.

1780ko dokumentu batek Hazparne herri handia zela erakustera ematen du, biztanle anitz baitziren, eta eskulangintza eta merkataritza garatuak baitziren.

Gaur egun

Hazparnen hamaika auzoalde badira, plazaren inguruan kokatuak. Laborantzak oraino leku inportantea du, baina 1980. hamarkada arte, Hazparnen zapatagintzan ari ziren lantegi franko bazen, eta horrek Hazparneren ospea egin zuen.

Gaur egun, ekonomiaren ardatz nagusia eskulangintzak, hazkurri industriak eta puntako industriak osatzen dute.

Jendea Hazparnen ibiltzen da erosketen egiteko, gastronomiaz gozatzeko (zerrikiak, bixkotxak…), eta astearte eta larunbat goizetako merkatura jiteko.

Karrikak patarrean dira, etxeak argamasadunak, eta XVII. eta XVIII. mendeko etxalde franko ere bada.

Argibide gehiagoren ukaiteko

Historia Batzordearen webgunean sar zaitez

Hazparne iruditan

2023ko azaroan, TVPI telebista kateak erreportaia bat eman du Hazparneko historiaz eta ondareaz.

Partager

Egunkari